Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala
249. zenbakia Data 1998-12-31 18826 orria
--------------------------------------------------------------------------------
7 UDAL ADMINISTRAZIOA
GAINTZAKO UDALA
Udalaren herri jabarigunea erabiltzeko prezio publikoak ezabatzea
--------------------------------------------------------------------------------
Udal jabari publikoaren erabilera pribatibo edo probetxamendu bereziagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen ordenantza, 1 zenbakiduna.
I. XEDAPEN OROKORRAK.
1.artikulua.
Entitate lokal honek, Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen Foru Arauari jarraiki, Eranskinean zehazten diren tasak ezarri eta exijitzen ditu udal jabari publikoaren erabilera pribatiboagatik edo probetxamendu bereziagatik. Ordenantza honetan adierazten diren arauen arabera ezarri eta exijitzen dira tasa horiek, eta haren barruan geratzen dira jasota.
2.artikulua.
Ordenantza hau entitate lokalaren lurralde eremu osoan aplikatuko da.
II. ZERGAGAIA
3. artikulua.
Udal jabari publikoaren erabilera pribatiboak edo haren probetxamendu bereziak eratzen du zergagaia.
III. SUBJEKTU PASIBOA
4. artikulua.
1. Honako hauek izango dira, zergadun bezala, subjektu pasiboak: pertsona fisikoak zein juridikoak, eta Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak 33. artikuluan aipatzen dituen entitateak, baldin eta beren onura partikularrerako gozatu, erabili edo aprobetxatzen badute modu berezian udal jabari publikoa, uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzkoak, 20.2 artikuluan jasotzen dituen kasuen arabera.
2. Estatua, autonomia elkarteak eta entitate lokalak ez daude behartuta tasak ordaintzera herri jabariaren erabilera pribatibo edo probetxamendu bereziarengatik, zuzenean ustiatzen dituzten komunikazio zerbitzu publikoen probetxamenduetan eta, bereziki, herritarren segurtasunarekin edo defentsa nazionalarekin zer ikusia duten guztietan.
5. artikulua.
Tasen ordainketa lizentziak beren izenean jasotzen dituztenek egingo dute, eta horien ezean, probetxamenduaren onuradun direnek.
IV. SALBUESPENAK, MURRIZPENAK ETA HOBARIAK
6.artikulua.
Salbuespenak edo bestelako onura fiskalak aplikagarri diren xedapen orokorretan ezarritakoaren arabera emango dira.
V. OINARRI EZARGARRIA
7. artikulua.
Oinarri ezargarria udal jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo probetxamendu berezia gauzatzen den unitate bakoitzak osatzen du, Eranskinean jasotakoaren arabera.
VI. KUOTA
8. artikulua.
1. Zerga kuota tarifa bat, espreski erabakitako kopuru finko bat edo, bestela, bi prozedurak batera erabiliz finkatuko da, Eranskinean ezarritakoaren arabera.
2. Erabilera pribatibo edo probetxamendu bereziak udal jabari publikoa suntsitu edo hondatzen duenean, onuradunak, behar den tasari aurre egiteaz gainera, osorik itzuli beharko ditu berreraikuntza edo konponketa gastuen kostuak, eta haren zenbatekoa aldez aurretik ordaindu.
Kalteak konponezinak badira, udalak kalteordain bat jasoko du. Suntsitutako ondasunen pareko balioa izango du, edo bestela, kaltetutako ondasunen zenbatekoarena.
Entitate Lokalak ezingo ditu barkatu, ez osorik ez zati batean, apartatu honetan aipatzen diren kalteordainak edo diru-itzulketak.
VII. SORTZAPENA ETA ZERGALDIA
9. artikulua.
1. Udal jabari publikoaren erabilera pribatibo edo probetxamendu bereziagatik exijitzen den tasa hurrengo uneetan sortuko da zergagaiaren izaeraren arabera: erabilera pribatiboa edo probetxamendu berezia hasten denean, eta orduan zenbateko osoa edo haren zati bat aurrez ordaintzea exijitu daiteke, edota, bestela, jarduketari edo espedienteari hasiera ematen dion eskaera aurkezten denean; jarduketa ez da egingo edo espedientea ez da izapidatuko dagokion ordainketa egiten ez bada.
2. Tasaren izaera materialak sortzapena aldizkakoa izatea exijitzen duenean, sortzapen hori urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean gertatuko da eta zergaldiak urte naturala hartuko du. Erabilera pribatiboa edo probetxamendu berezia hasi edo uzten denean, ordea, zergaldia zirkunstantzia horretara egokituko da, eta kuotan dagokion hainbanaketa egingo da Eranskinean ezarritakoari jarraituz.
3. Jabari publikoa erabili edo aprobetxatzeko eskubidea burutu edo gauzatu gabe geratzen bada subjektu pasiboarekin zer ikusirik ez duten arrazoiengatik, dagokion zenbatekoa itzuliko zaio.
VIII. LIKIDAZIOA ETA ORDAINKETA
10. artikulua.
Entitate Lokalak kontzeptu bakoitzaren likidazioa egingo du, eta likidaturiko kopurua eskudirutan ordainduko da Eranskinak exakzio bakoitzerako ezartzen dituen arau partikularrei jarraituz. Udal frontoiko instalazioen erabilpenari buruz eranskinean ezartzen diren arauak jarraituko dira.
IX. TASEN KUDEAKETA
11. artikulua.
Ordenantza honetan arautzen diren tasak likidatu, bildu eta ikuskatzeari dagokion guztian, eta, halaber, zerga urrapenak kalifikatu eta kasu bakoitzean dagozkien zigorrak ezartzerakoan, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrean jasotakoa aplikatuko da.
X. AMAIERAKO XEDAPENA
Ordenantza hau, eta bere Eranskina, bertan adierazten den egunean onartu zen behin betikoz. 1999ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, eta aldatu edo indargabetzea erabakitzen ez den artean jarraituko du indarrean.
xi. eranskina
Probetxamendu mota:
Udal bide publikoen lurzoru, lurpe eta helgalkinen erabilpen pribatiboa edo probetxamendu berezia, hornidura zerbitzuen enpresa ustiatzaileen alde.
TARIFA:
Auzateria osoari edo horren zati garrantzitsu bati dagozkion hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aldeko bide publikoen lur, lurrazpi edo lurgainaren erabilera pribatibo edo probetxamendu bereziengatiko tasen tarifa aipatu enpresek udal barrutian urtean eskuratzen duten fakturaziotik datozen sarrera gordinen %1,5ekoa izango da.
Tasa aplikatzeko arauak:
Ekitaldi bakoitzaren lehen hiruhilabetean, enpresek, udal barrutiaren barruan egindako hornidurengatik lortutako sarreren aitorpena egingo dute, aurreko urtean lortutako sarrera gordinak zehazki azalduz.
Aipatu aitorpenarekin batera enpresaren kontabilitateko laburpena eta kasu bakoitzean udal administrazioak eskatuko dituen agiriak aurkeztu beharko dira.
Udal administrazioak tasaren zehazketa edo behin-behineko kobraketa egingo du, hori egin ondoren 5 urteetan ordaindu beharreko zenbatekoa zuzendu ahal izango delarik eta, epe hori iraganik, kasua bada, behin betikotzat joko da.
Probetxamendu mota:
Udal frontoiko instalazioak erabiltzea.
TARIFAK:
Pezeta
Erabiltzen den ordu bakoitzeko, argi guztiak piztuta: 600
Erabiltzen den ordu bakoitzeko 3-tatik argi bat
piztuta: 200
Tasa aplikatzeko arauak:
Frontoian horretarako jarritako makinari sartuko zaio dirua, orduei dagokionean norberak egindako aukeraren arabera.
Ordenantza hau Gaintzako udalbatzak 1998ko urriaren 24ko bileran onetsi zuen hasierako izaerarekin eta jendeaurrean egon den epean bere aurka kexarik jaso ez denez, behin-betiko izaerarekin onetsia geratu da, Gaintzan, 1998ko abenduaren 17an.
Gaintza, 1998ko abenduaren 17a.—Alkatea.
(248) (12549)