Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala
247. zenbakia Data 2006-12-30 29429 orria
--------------------------------------------------------------------------------
7 UDAL ADMINISTRAZIOA
GAINTZAKO UDALA
Sasieta Mankomunitateko estatutuak. Behin betiko onespena.
--------------------------------------------------------------------------------
GAINTZAKO UDALA
Iragarkia
Informazio publikoko epea, inolako erreklamazio edo iradokizunik aurkeztu gabe igaro ondoren, behin betiko onartutzat jotzen da, Udalbatzarrak 2006ko abuztuaren 24an egindako Osoko Bilkuran hartutako behin behineko erabakia, Sasieta Mankomunitateko Estatutu Proiektuaren onespenari buruzkoa.
Apirilaren 2ko 7/1985 Toki Erregimeneko Oinarriak Arautzen dituen Legeak 70.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, jarraian onartutako Estatutuen testu osoa argitaratzen da:
SASIETA MANKOMUNITATEAREN
ESTATUTU-PROIEKTUA
1. artikulua.
1. Gipuzkoako lurralde historikoko Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Ezkio-Itsaso, Gaintza, Gabiria, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zegama, Zerain eta Zumarragako udalerriak honako xede hauek dituen borondatezko mankomunitatean elkartu dira:
a) Xede nagusi gisa, hiri-hondakinak kudeatzea, hots, horiek biltzea, biltegiratzea, garraiatzea, baliaraztea eta ezabatzea, jarduera horiek zaintzea eta hondakinak botatzen edo isurtzen diren lekuak itxi ondoren zaintzea eta, orobat, jarduera horiek guztiak finantzatzeko tasa homogeneoak ezartzea, kudeatzea, biltzea eta ikuskatzea.
b) Xede osagarri gisa, Udalbatzak hartutako erabakiaren bitartez berariaz eskatzen duten udalerrietan, xede nagusiarekin zerikusirik ez duten beste zerbitzu publiko hauetakoren bat, batzuk edo denak ematea: Kaleak eta estoldak garbitzea eta hirialtzariak mantentzea. Kasu horietan, zerbitzuaren finantzatze osoa eskatzaileen konturakoa izango da eta zerbitzua emateak ez du inolaz ere suposatuko Sasieta Mankomunitateko plantila handitzea.
2. Adierazitako xedeek zerbitzuak berak egitea zein horretarako beharrezkoak diren eraikinak eta instalazioak eraikitzea eta erostea hartuko dute beren baitan.
3. Erakundeak Beasaingo Martina Maiz kaleko 3. zenbakiko etxabean du legezko egoitza.
4. Bere eskumeneko zerbitzuak egiteko, Sasieta Mankomunitateari Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4. artikuluaren 1. atalean adierazitako ahalmenak dagozkio.
2. artikulua.
1. Mankomunitatearen gobernua eta administrazioa honako organo hauen esku daude:
— Zuzendaritza-batzordea.
— Batzorde betearazlea.
— Lehendakaria.
— Lehendakariordea.
2. Zuzendaritza-batzordea 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietako ordezkari banak eta 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietako bina ordezkarik osatzen dute. Ordezkariak udal bakoitzeko udalbatzaren erabakiz izendatuko dituzte eta beren ordezkaritza udala berritzen denean amaituko da, edo lehenago, izendapena baliogabetzen bada edo ordezkariak uko egiten badio edo udalbatzako kide izateari uzten badio.
3. Beste horrenbeste ordezko izendatuko dira, titularren batek uko eginez gero, udalbatzako kide izateari utzi, bere izendapena baliogabetu edo joaterik ez duenean edo gaixorik baldin badago (alderdi horiek idatziz justifikatu ondoren) haren ordez jardun dezaten. Ordezkapena organo kolegiatuaren kideen funtzio generikoetara bakarrik iritsiko da, ez lehendakariaren edo lehendakariordearen berariazko funtzioetara edo ordezkatutakoan bil litekeen beste edozeinetara.
4. Kide diren udalak osorik berritzen direnean, horiek mankomunitatean dituzten ordezkariek behin-behinean jarraituko dute mankomunitatearen zuzendaritza-organo berriak eratu artean.
5. Lehendakaria batzordeak izendatuko du bere kideen artean. Era berean, lehendakariaren postua bete gabe dagoenean, hura gaixorik dagoenean edo ez dagoenean ordezkatuko duen lehendakariordea izendatuko da. Izendapenak batzorde bakoitza eratzean egingo dira, eta edozein unetan kargu horiek batzordearen agintaldia amaitu baino lehen bete gabe geratze badira. Bi karguak (lehendakaria eta lehendakariordea) ezin izango dituzte bete udalbatza edo udalerri bereko ordezkariek. Bi karguak aldi berean bete gabe egongo balira, lehendakari lanetan behin-behinean jardungo luke zuzendaritza-batzordeko kiderik zaharrenak eta adinez hurrengoak beteko luke lehendakariordearen kargua, betiere goian adierazitako salbuespena betez.
6. Udalbatzak berritu ondorengo bi hilabeteetan mankomunitateko organo berriek eratuta geratu beharko dute. Horretarako, behin-behineko lehendakariak mankomunitateko kide diren udalbatzek izendatutako ordezkariei zuzendaritza-batzordearen ohiz kanpoko bilkurarako deialdia egingo die, nahiz eta udalbatza berria eratu ez delako ordezkari horiek oraindik ere izendatu gabe egon.
3. artikulua.
Zuzendaritza-batzordeak honako aginpide hauek ditu:
1. Estatutuak aldatzea, toki araudiaren arabera.
2. Mankomunitatea desegitea, toki araudiaren arabera.
3. Mankomunitateko kideak onartzea eta bereiztea.
4. Kreditu-eragiketak tokiko legerian ezarritako baldintzetan onartzea.
5. Zerga alorreko baliabide propioak zehaztea; aurrekontuak onartzea eta aldatzea; bere eskumeneko gastuak xedatzea eta kontuak onartzea; hori guztia Toki Ogasunak arautzen dituen Legean xedatutakoarekin bat etorriz.
6. Langile-zerrenda eta lanpostuen zerrenda onartzea, funtzionarioen ordainsari osagarri finkoen eta aldizkakoen zenbatekoa finkatzea eta behin-behineko langileen kopurua eta araubidea zehaztea.
7. Araudi organikoa eta ordenantzak onartzea.
8. Ondasunak eta eskubideak erostea eta ondarea besterentzea, tokiko legerian ezarritako baldintzetan.
9. Administrazio-ekintzak eta judizialak erabiltzea eta mankomunitatea zuzendaritza-batzordearen eskumeneko gaietan defendatzea.
10. Mankomunitateko kide diren udalerriek eta beste administrazio publiko batzuek egindako eskumen-eskuordetzeak onartzea.
11. Gobernu-organoak kontrolatzea eta fiskalizatzea.
12. Zerbitzuak kudeatzeko erak onartzea.
13. Beste toki-erakunde batzuei eta gainerako administrazio publikoei eskumen-gatazkak planteatzea.
14. Mankomunitatearen ekintzak kaltegarritzat jotzea.
15. Jabari publikoko ondasunen kalifikazio juridikoa aldatzea.
16. Mota guztietako kontratazioak eta emakidak gauzatzea eta obra eta zerbitzuen proiektuak onartzea, horiek kontratatzeko edo emateko eskumena duenean, tokiko legerian ezarritako baldintzetan.
17. Beste erakunde eta organo kolegiatu batzuetarako mankomunitatearen ordezkariak izendatzea.
18. Udalerrietan onartzeko gehiengo berezia eskatzen dutelako udalbatzari dagozkion beste aginpide guztiak.
19. Legeek udalbatzari espresuki ematen dizkioten gainerako aginpideak.
4. artikulua.
Batzordea honela bilduko da:
a) Ohiko bilkuran gutxienez sei hilez behin, eta lehendakariak egingo du deialdia.
b) Ohiz kanpoko bilkuran, lehendakariak deituta, gutxienez zuzendaritza-batzordeko kideen laurdenek idatziz eskaturik, edo zuzendaritza-batzordearen nahiz batzorde betearazlearen erabakiz deituta.
c) Deialdia gutxienez bost astegun lehenago egingo da ohiko bilkuretarako eta astegun bat lehenago ohiz kanpokoetarako.
5. artikulua.
1. Bilkurek balioa izan dezaten, kideen zuzenbideko kopuruaren erdia gehi bateko quoruma lortu beharko da. Nahitaezkoa izango da lehendakaria edo legezko ordezkoa eta idazkaria edo legezko ordezkoa bertaratzea.
2. Bilkurarako deialdian ohartaraziko da lehen deialdian quoruma lortzen ez bada bilkura bigarren deialdian egingo dela handik ordu erdira.
3. Erabakiak bertaratutako kideen gehiengo soil bidez hartuko dira. Berdinketarik izanez gero, bozketa bilkura berean errepikatuko da eta berdinketak jarraitzen badu, lehendakariaren kalitateko botoak erabakiko du.
4. Batzordeko kideen legezko kopuruaren gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da honako gai hauetan erabakiak hartzeko:
— Mankomunitatea aldatzea edo desegitea eta estatutuak aldatzea.
— Mankomunitateko kideak onartzea eta bereiztea.
— Kreditu-eragiketak tokiko legerian ezarritako baldintzetan onartzea.
— Barne-araudia edo araudi organikoa onartzea eta aldatzea.
— Ondasunak tokiko legerian ezarritako baldintzetan besterentzea.
— Funtzioak edo jarduerak beste administrazio publikoetara aldatzea, eta beste administrazio batzuek egindako kudeatzeko eskuordetzeak edo gomendioak onartzea, Legeak nahitaez ezartzen dituenean izan ezik.
— Dagokion zerbitzua kudeatzeko era zehatza onartzea.
— Jabari publikoko ondasunen kalifikazio juridikoa aldatzea.
— Ondasunak eta zerbitzuak tokiko legerian ezarritako baldintzetan ematea.
— Legeak zehazten dituen gainerakoak.
6. artikulua.
Idazkariaren eta kontuhartzaile/diruzainaren karguak gaikuntza nazionaleko funtzionarioek beteko dituzte, baina Mankomunitatearen zerbitzuen bolumena eta baliabideak kontsideratuz, dagokion organismoari Mankomunitatean lanpostu horiek mantentzeko beharra salbuestea eskatuko zaio.
7. artikulua.
1. Batzorde betearazlea 5 ordezkarik osatuko dute; horietariko bi lehendakaria eta lehendakariordea izango dira eta beti egongo da Beasaingo Udalaren ordezkari bat, udalerri horretan kokatuko baita zabortegi kontrolatua.
2. Gainerako lau ordezkariak osatzeko honako barruti hauetan ordezkari bana hautatuko da:
— Ataun, Ordizia, Lazkao.
— Zumarraga, Urretxu, Legazpi, Ezkioitsaso, Gabiria, Ormaiztegi.
— Olaberria, Segura, Zegama, Zerain, Mutiloa, Idiazabal.
— Zaldibia, Itsasondo, Altzaga, Legorreta, Gaintza, Arama.
8. artikulua.
1. Batzorde betearazlea lehendakariaren ekimenez edo bere kideek eskatuta bilduko da.
2. Bilkuretarako deialdiak egiteko eta bilkurek balioa izan dezaten, 4. eta 5. artikuluetan adierazitako irizpide berberei jarraituko zaie.
9. artikulua.
Batzorde betearazleari honako aginpide hauek dagozkio:
Zuzendaritza-batzordeak eskuordetzen dizkionak (Estatutu hauen 5-3. artikulukoak izan ezik), lehendakariak eskuordetzen dizkionak eta, batez ere, zuzendaritza-batzordeak hartutako erabakiak betearaztea eta horien jarraipena egitea.
10. artikulua.
Lehendakariari honako aginpide hauek dagozkio:
1. Mankomunitatearen gobernua eta administrazioa zuzentzea.
2. Mankomunitatea ordezkatzea.
3. Zuzendaritza-batzorderako eta batzorde betearazlerako deialdia egitea eta horietan lehendakari lanetan jardutea, eta berdinketak kalitateko botoarekin ebaztea.
4. Zerbitzu eta obra mankomunatuak zuzentzea, ikuskatzea eta bultzatzea.
5. Kudeaketa ekonomikoa onartutako aurrekontuaren arabera garatzea, gastuak bere eskumenaren mugen barruan xedatzea eta kreditu-eragiketak ituntzea. Hori guztia tokiko legerian ezarritako baldintzetan.
6. Aurrekontuen eta ordenantzen proiektuak eta horien aldaketak idaztea.
7. Bere kabuz eta bere ardurapean hartzea mankomunitatearen gaiek behar dituzten presako neurriak, zuzendaritza-batzordeari lehen bilkuran horien berri emanez eta, kasuaren garrantziak hala eskatuko balu, ohiz kanpoko bilkurarako deialdia egitea erabakiz.
8. Enplegu publikoaren eskaintza zuzendaritza-batzordeak onartutako aurrekontuaren eta langile-zerrendaren arabera onartzea, langileak hautatzeko probetarako eta lanpostuak hornitzeko lehiaketetarako oinarriak onartzea eta finkoak eta aldizkakoak ez diren ordainsari osagarriak banatzea.
9. Mankomunitateko langile guztien goi-buruzagitza betetzea eta horien izendapena eta zigorrak erabakitzea, funtzionarioak zerbitzutik bereiztea eta lan-kontratuko langileak kaleratzea barne, zuzendaritza-batzordeari horren berri emanez, azken bi kasu horietan, batzordeak egiten duen lehen bilkuran. Aginpide hau Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 99.1. eta 3. artikuluetan xedatutakoaren kalterik gabe ulertuko da.
10. Administrazio-ekintzak eta judizialak erabiltzea eta mankomunitatea bere eskumeneko gaietan eta, presako kasuetan, zuzendaritza-batzordearen eskumeneko gaietan defendatzea. Azken kasu horretan zuzendaritza-batzordeari horren berri emango dio egiten duen lehen bilkuran, erabakitakoa berrets dezan.
11. Lehendakaritzaren eskumeneko gaietan kaltegarritzat jotzea zuzendaritza-batzordeari proposatzeko ekimena.
12. Mota guztietako kontratazioak eta emakidak gauzatzea, tokiko legerian ezarritako baldintzetan.
13. Obra eta zerbitzuen proiektuak onartzea, horiek kontratatzeko edo emateko eskumena duenean eta aurrekontuan aurreikusita daudenean.
14. Ondasunak eta eskubideak erostea eta ondarea besterentzea, tokiko legerian ezarritako baldintzetan.
15. Mankomunitatearen gobernu-organoen erabakiak argitaratzeko agintzea, horiek betetzea eta betearaztea.
16. Bere agintaritzari desobeditzeko hutsegiteak edo ordenantzetako arau-hausteen ondoriozkoak zigortzea, ahalmen hori beste organo batzuen eskuetan dagoenean izan ezik.
17. Legeek ematen dizkioten gainerako aginpideak.
11. artikulua.
Lehendakariordeari dagokio lehendakaria ez dagoenean, gaixorik dagoenean edo ezinduta dagoenean bere funtzio guztietan ordezkatzea eta lehendakariaren kargua bete gabe dagoenean haren funtzioak betetzea.
12. artikulua.
Mankomunitateak urtero onartuko du bere aurrekontua, hots, gehienez ere aitor daitezkeen obligazioen eta mugaeguna duten edo aurreikuspenen arabera dagokien ekitaldi ekonomikoan gauzatuko diren eskubideen adierazpen zifratu bateratua eta sistematikoa. Aurrekontua urte naturalarekin bat etorriko da.
13. artikulua.
Mankomunitatearen baliabide ekonomikoak honakoak izango dira:
1. Diru-laguntzak, sorospenak eta dohaintzak.
2. Bere ondasun eta zerbitzuen errentak eta emaitzak.
3. Zerbitzuak egiteko edo hiri-hondakinak kudeatzeko jarduerak gauzatzeko tasak.
4. Bere eskumenen esparruko isun eta zigorretatik datozenak.
5. Kreditu-eragiketetatik datozenak.
6. Udalek xede nagusiarekin zerikusirik ez duten egindako zerbitzuen truke ordaindutako zenbatekoak.
7. Bere ondaretik datozen sarrerak eta zuzenbide pribatuko gainerakoak.
14. artikulua.
Ondorio horietarako, honako arau hauek hartuko dira kontuan:
1. Zerbitzuak egiteko edo hiri-hondakinak kudeatzeko jarduerak gauzatzeko tasak sarrerek gastuak estaltzeko moduan kalkulatuko dira.
2. Tasa horiek homogeneoak izango dira mankomunitatea osatzen duten udalerri guztietan.
3. Urtean behin hiri-hondakinak kudeatzeko zerbitzuek ekitaldi bakoitzerako izan lezaketen kostuaren azterketa ekonomikoa egin eta onartuko da, kostu hori erabat estaltzeko aukera emango duten irizpideetan oinarrituta finantzatzeko beharrezkoa den tasa ezartzeko asmoz. Azterketak zerbitzuaren edo jardueraren kostu osoa osatzen duten zuzeneko zein zeharkako gastu guztiak hartuko ditu bere baitan, are finantza alorrekoak, ibilgetua amortizatzekoak eta kontribuzio bereziek ordaintzen ez dituzten aplikatzeko gastu orokorrak ere.
4. Udalerriek mankomunitatearen alde eskuordetutako 1.b) artikuluko zerbitzuak haiek finantzatuko dituzte osorik, mankomunitateak dagokien faktura edo likidazioa igorri ondoren. Fakturan mankomunitateak jasandako zuzeneko zein zeharkako gastu guztiak sartuko dira. Zerbitzu bera hainbat udalerriri batera egiten zaienean, azterketa bat egingo da udal bakoitzak ordaindu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko; zenbateko hori jasotako zerbitzu-mailarekiko proportzionala izango da.
15. artikulua.
Mankomunitatearen iraupena edo indarraldia mugagabea izango da.
16. artikulua.
1. Mankomunitateko kide den udalerri orok, bere udalbatzaren erabakiaren bitartez, estatutuak aldatzeko eskaera egin dezake. Horretarako, estatutuak aldatzeko proposamen zehatza formulatu beharko du, eta lehendakariak eskaera zuzendaritza-batzordeak egiten duen lehen bilkurako gai-zerrendan sartu beharko du, aintzat har dadin.
2. Zuzendaritza-batzordeak eskaera aintzat hartzen badu, lehendakariak batzordearen ohiz kanpoko bilkurarako deialdia egin beharko du. Aintzat hartzen ez badu, alabaina, zuzendaritza-batzordeak egiten duen ohiko lehen bilkurako gai-zerrendan sartu beharko du eskaera lehendakariak.
3. Mankomunitateko kideek eskatu beharrik gabe ere, zuzendaritza-batzordeak bere kabuz edo lehendakariak eskatuta hartu ahal izango du estatutuak aldatzeko erabakia.
4. Nolanahi ere, aldaketa onartzen bada, erabakia, aldatutako estatutuen proiektuaren testu osoarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako txostenarekin batera, mankomunitateko kide diren udalen iritzipean jarriko da eta une horretatik aurrera estatutuak onartzeko bete ohi den prozedura bera beteko da.
5. Mankomunitatea desegiteko antzeko prozedurari jarraituko zaio.
6. Mankomunitateko kideak onartzeko eta bereizteko Toki-erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugapenaren Araudiaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.
17. artikulua.
Mankomunitatea honako kasu hauetan desegingo da:
1. Legeak xedatzen duenean.
2. Zuzendaritza-batzordeak hala erabaki eta kide diren udalek berresten dutenean.
3. Bat ez beste kide guztiak bereizten direnean.
18. artikulua.
1. Mankomunitatea desegiten denean bere likidazioari ekingo zaio. Horretarako, zuzendaritza-batzordea likidazio-batzorde gisa eratuko da obligazioak iraungi arte. Soberakina, hala badagokio, kideak mankomunitatean iraun duten bitartean azken bost urteetan izan duten batez besteko zuzenbideko biztanleriarekiko proportzioan banatuko da.
2. Antzeko irizpideari jarraituko zaio kideren bat bereizten denean, betiere mankomunitatearen funtzionamendu normala eragotzi gabe egin daitekeen neurrian. Dena den, lortutako soberakinetik kide horrek lortu dituen diru-laguntzak eta sarrera finalista guztiak kenduko dira.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Lehena: Mankomunitateak estatutu hauen 1. artikuluan adierazitako xedeak bere baitan hartuko dituen barne-araudia onartuko du, baita hondakinak biltzeko, garraiatzeko, tratatzeko eta ezabatzeko zerbitzua arautuko duen ordenantza ere.
Halaber, estatutu hauen 1. artikuluko 1. atalaren b) letran aurreikusitako zerbitzuak egiteko eskuordetzea gauzatzen bada, mankomunitateak dagozkion zerbitzuen araudiak onartuko ditu.
Bigarrena: Estatutu hauetan arautzen ez den guztian toki-araubidearen alorrean indarrean dagoen ordenamendu orokorrak xedatzen duena beteko da.
AZKEN XEDAPENA
Estatutu hauek legezko eran izapidetu ondoren Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunaren biharamunean jarriko dira indarrean.
Administrazio-bidean behin betikoa den akordio honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiaren aurrean, iragarkia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.
Hala ere, aldez aurreko izaeraz, Udal honen Osoko Bilkuraren aurrean aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, hilabeteko epean, iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Kasu honetan ezingo da administrazioarekiko auzietako helegiterik aurkeztu berraztertzeko errekurtsoa erabaki arte edota presuntziozko ezespena eman arte.
Hori guztia egoki irizten diren beste edozein errekurtso jartzeko kalterik gabe.
Gaintza, 2006ko abenduaren 13a.—Alkatea.
(113) (12765)